Tomate batekin jendea… [Argia_2016-06-19]

David Garnatxo, Landare elkarteko koordinatzailea

“Tomate batekin jendea hunkitu egiten bada, nola ez du zirrara sentituko aldaketa gehiagoren aurrean?”

Iruñerrian badira bi supermerkatu “arraro”. Haietan saltzen dituzten produktu guztiak ekologikoak dira eta soilik bazkide direnek eros ditzakete. Eta “arraroena” da etekinaren %80 ekoizleentzat dela. Landare du izena ekimenak, duela 24 urte sortu zen eta egun bi denda ditu, bat Iruñeko Arrotxapea auzoan, bestea Atarrabian, eta 2.600 bazkide. David Garnatxo barazki saltzailea Landare elkarteko koordinatzailea da.

ReyesIlintxeta | 2016ko ekainaren 19a

[…]

Nola funtzionatzen du elikagaien merkatuak?

Merkatal gune handiak zabaltzen dira oso modu erasokorrean. Prezio oso baxuak eskaintzen dituzte hasieran eta hiri edo eskualde bateko merkatua apurtzea lortzen dute. Denda txikiak itxiarazi eta banatzeko beste sistema batzuk inposatzen dituzte, oso gutxi berrinbertituz toki horretan. Basamortuak sortzen dira horrela.

70eko hamarkadatik aurrera janaria leku batetik bestera eramaten da munduan barna etengabe. Hori ez da ekologikoa. Mundua horretara doa guk gelditzen ez badugu. Badakit oso zaila dela, baina beste biderik ez dago. Sortu behar dira formulak hiri eta herrietan elikagaien banaketarako alternatibak bilatzeko.

Europan ekoizleak gero eta gutxiago dira eta horrela jarraituz gero desagertu eginen dira. Duela 40 urte gure diru sarreren %30 gastatzen genuen elikaduran. Egun, diru gehiago irabazi arren, %15 baino ez dugu jaten gastatzen. Bestalde, munduan ekoizten den janariaren %50 botatzen da. Zazpi pertsonatik batek gosea pairatzen du.

Lanak diruaren interesei men egiten die eta hori ez da sanoa ezta logikoa ere. Gainera, boteretik beti bilatu izan da ekoizleak ahalik eta gehien diruz laguntzea, eta horrek arazo handia sortu du: nekazaritzaren eta abeltzaintzaren helburu nagusia ez da jendeari jaten ematea, diru-laguntzak eta etekinak lortzea baizik.

Norberaren interesez gain pentsatu beharra…

“Ahal duenak bere burua salba dezala” ideiaren aurrean, goazen bertako oinetakoak, janaria, jantziak, kontsumitzera eta munduko beste pertsonekin partekatzera, eta gauza asko aldatuko dira. Ez da gizaki berria sortuko, baina hobera aldatuko da, eta horrek sorraraziko du ilusioa, emozioa eta konpromisoa. Guk hori sentitzen dugu Landaren. Jendeak Landare beretzat hartzen du, eta horrek onura asko ekartzen digu. Hemen 2.600 familia gara eta inork ez du lapurtzen, adibidez. Hau bezalako esperientziekin elkartuz osatzen ahal da eredu berri bat.

Batzuk ezin dute aukeratu zer jaten duten.

Toki askotan hala da eta hemen ere azken urte hauetan jendea ikaragarri pobretu da. Euskal Herrian agian ez dugu horrenbeste sumatzen, baina Estatu espainiarrean edo Grezian ikaragarria da gertatzen ari dena. Grezian gertatutakoak benetako beldurra ematen dit: Estatu batek aurre egin nahi izan dio sistema honi eta ezin izan du ezer egin. Hauteskundeak eta erreferendum bat irabazita ere, ez du deus egiterik izan, agintzen dutenek ez diotelako uzten. Esperantza hil da.

Horren aurrean erresistentziarako eta proposamenerako bide bakarra alternatibak sortzea da, eta diskurtsotik ekintzetara pasatzea. Hanka sartzearen beldur ez dugu izan behar.

Jendea ahaldundu behar da?

Bai. Zaila da jendeak erabakiak hartzea. Hori ikastea da gehien kostatzen zaiguna. Ikasketa eta kultura maila inoiz baino altuagoa da eta orain egiten ez badugu, noiz eginen dugu, pobretzen gaituztenean? Konfort eremuetatik atera eta arriskuan jarri, uste dugun hori ez delako benetako konforta. Ongi egotea beste batzuen bizkar lortu behar badugu, ez da egiazko konforta.

Jendearen osasuna ere kaltetzen ari da janariaren banaketa sistemaren ondorioz?

Gure gizartean galera nutrizionalak ditugu nahiz eta egunean hiru aldiz jan. Jende asko gaixo dago luzerako prestatutako janari pobrea jateagatik. Arazo horren oinarria pertsona edo etekinaren arteko dikotomia da, etekinaren alde egiten dute janariaren banaketaz arduratzen direnek. Ez da sistema demokratikoa, oso jende gutxiren eskuetan dagoelako. Enpresa gutxi baina oso handiak.

Mundu osoan gauza antzekoak jaten dira, enpresa handiek erabakitzen dutelako guk zer jan behar dugun. Gauza bera gertatzen da, adibidez, arroparekin. Aniztasuna galtzen da eta angelu bakarretik begiratzen zaio ekonomiari. Hezkuntza ere horrelakoa da. Pertsonak zirkulu horietan integratzeko prestatzen ditugu.

FAO Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak dio joan den mendean munduko nekazaritzaren aniztasuna %75 galdu dela. Arroz bera ekoizten da Indian, Argentinan edo Arguedasen.

Kontsumo arduratsua bultzatzen duten gero eta talde gehiago dago. Hemen jendea bereziki aktiboa da?

Euskal Herrian oso azkar pasatu gara nekazal gizartetik hiritar gizartera, eta gainera oso masifikatuta. Jendeak erreferentzia batzuk ditu eta inguruan ez ditu aurkitzen. Horrez gain, badira jokamolde batzuk besteekin gauzak egitera lotzen gaituztenak, auzolana, adibidez. Gu orain beste elkarte batzuekin ari gara elkarlanean prezioak jaisteko eta harreman justuak ezartzeko. Saltzen dugunaren %70 kanpotik ekartzen dugu, Espainiatik eta Europa osotik. Baionako Otsokop kooperatibarekin eta Oreretako Labore taldearekin hasi gara lanean. Helburua da ahal den merkeena saltzea, eta gainera, kontsumitzaileek jakin dezatela nondik datorren dena, eta zenbat irabazi duen ekoizleak.

Gaur egun arazoa da ekologikoaren merkatua merkatu konbentzionalaren eskema kopiatzen ari dela. Duela zenbait urte amaranto ogia saltzen genuen, adibidez. Ogi hori Burlatan egiten zen, Belgikara eraman eta gero handik ekartzen genuen. Esan ziguten hori horrela egiten dutela markak kontrolatu behar duelako banaketa prozesu osoa. Orain, noski, ez dugu ogi hori saltzen.

Janaria erosteaz gain, zer egiten dute bazkideek?

Landare sortu zenean oso pobrea zen eta auzolanaren beharra zuen lan guztia egin ahal izateko. Orain identitate marka bezala gelditu da eta bazkide guztiek urtean bi orduko lanaldia egiten dute Landaren: hitzaldiak, tailerrak, ikastaroak, ezagutza elkarbanatzeko saioak (izarrak begiratu, yoga, gimnasia, bizikletak konpontzeko saioa, janariaren inguruko saioak…), dena doan egiten da eta oso lagungarria da bestelako harremanak sustatzeko.

[…]

 

[ARGIA_2016-06-19_Tomate batekin jendea…]

 

Compartir / Partekatu

También te podría gustar...