Kontsumitzaileen matxinada [Berria_2017-04-07]

berrialogo

2017-04-07 Edu Lartzanguren

Produktu ekologikoak aberatsentzako bakarrik dira? Kontsumitzaile askok banaketa kateetatik askatu nahi dute, eta inguruko ekoizleei dagokiena ordaindu. Supermerkatu kooperatiboak zabaltzen ari dira Euskal Herrian, baina badira 25 urte bete dituztenak ere.

Eider Aranburuk ez du arnasteko tarterik izan azken egunotan. Joan zen astean zabaldu zuten, Oiartzunen (Gipuzkoa), Labore Oarso supermerkatu kooperatiboa, eta han dabil geroztik, lanean, elikagaiak eta bestelako produktuak jasotzen, apaletan jartzen eta bezero-bazkideei arreta eskaintzen.

«Lehen eguna eromena izan zen; ez genuen espero halako erantzunik, eta erdi biluzik harrapatu gaituzte», esan du Aranburuk. Berrehun bazkiderekin zabaldu zuten denda, eta, lehen astea amaitu aurretik, beste ehun zituzten. Bazkidea da hitz gakoa. Izan ere, horietan oinarritzen da supermerkatu kooperatibo bat. Ezin da edonor sartu eta erosi. Bazkide bihurtzeko, sarrera kuota bat ordaindu behar da hainbatetan. Laboren ez dago halakorik; bai, ordea, urteroko kuota bat (50 euro).

Bazkideek aisialdian muntatu dute Labore Oarso kooperatiba. Laster ikusi zuten langile profesional bat beharko zuela supermerkatuak, eta Aranbururekin hitz egin zuten, dena «oraindik kea» zenean. «Bi haur ditut, eta galdetzen zidaten: ama, palmondo olioa txarra bada, zergatik botatzen diote janari?». Halako galderek bultzatuta egin zuen bat egitasmoarekin.

Hirietan denda biologikoak eta halakoak agertzen hasten direnean, gentrifikazioaren lehen seinaleetako bat izaten da: alokairuak ere garestituko direla esan nahi du, jende aberatsagoa heltzen ari delako. Denda biologikoa aberatsentzako prezioekin lotzen duen ekuazioa hausteko helburua dute, ordea, supermerkatu kooperatiboek. Nola lortu ekoizleei prezio duina ordaintzea eta, aldi berean, eroslea ez zamatzea? «Irabazi asmorik gabeko erakundea gara», erantzun du Aranburuk. Edonola ere, kalitatezko produktuak saltzen dituztela ohartarazi du, eta, normala denez, marka zurikoak baino garestiagoak izaten direla. «Ekoizleekin hitz eginda, asko ikasten da; hobeto ezagutzen da produktua, eta erosleei ere aukera hori eman nahi diegu». Lehen sektorean lanpostuak sortzen ere lagundu nahi dute.

Laborek ez ditu bazkideak lan egitera behartu nahi. Dena den, auzolanerako deialdiak egiten ditu. Horrela atondu dute Ihurrita bideko lokala, esaterako.

Aitzindariak, Iruñean

Labore supermerkatuen bultzatzaileek abantaila handi bat dute: badute eredu bat, halako egitasmo batek arrakasta handiz funtziona dezakeela frogatzen duena. Iruñeko Arrotxapea auzoko Landare supermerkatu kooperatiboa da.

«Iruñerriko biztanleen %3 inguru etortzen dira, gutxienez urtean behin, Landarera erosketak egitera», kalkulatu du David Garnatxo supermerkatuko bazkide eta langileak. Landare kooperatibak 25 langile ditu orain. […]

Landareren arrakastaren arrazoia zein den galdetuta, erantzun harrigarria eman du Garnatxok: «Ez dugu uste arrakasta dugunik». Azaldu duenez, arrakasta supermerkatu kate handiek dute, haiek «baldintzatzen dutelako kontsumoa eta gizartean janaren banaketaren inguruko eztabaidarik ez egotea». Bai, Landare egitasmo bideragarria da, aitortu du, «baina sistemari buelta ematen diogunean helduko da arrakasta». Europan kontsumitzen diren elikagaien %80 sei kateren artean banatzen dituzte, azaldu duenez. «Arrakasta izango dugu kontsumitzaileak aukera duenean erabakitzeko zer-nolako harremana izan nahi duen arrantzalearekin eta nekazariarekin».

Kontsumo taldeekin konparatuta, supermerkatua hiriari eta gaurko bizimoduari hobeto egokitzen zaiola uste du Garnatxok. «Beste sekretua profesionalizazioa da, besteak beste barazkiak kudeatzeko orduan», gaineratu du.

Baionan, maiatzerako

Garnatxo eta Landareko jendea gidari izan dira Baiona inguruko Otsokop taldearen inguruan bildutako 450 familiarentzat. «Egiazko anaitasuna izan dugu haiekin, eta izugarri lagundu digute», esan du Ixabel Cassan Otsokopeko bazkideak. Supermerkatua zabalduko dute maiatzean Baionan, geltokitik gertu, De Lattre de Tassigny etorbidean. «Ekonomia berriz hona ekarri nahi dugu», adierazi du Cassanek. Saskien sistemarekin aritu dira orain arte: bazkideek produktuak aukeratzen zituzten Internet bidez, eta, hamabostean behin, bila joaten ziren. «Orain, beste koska bat igo nahi dugu».

Besteak bezala, inguruko ekoizleekin lan egiten saiatzen dira. Muga 250 kilometroko tartean jarri dute: «Ez dugu urrunagoko produkturik ekarriko, ahal den bitartean». Nafarroako hegoaldetik, batez ere kontserbak hartuko dituzte, eta, hurbilagotik, elikagai freskoak, haragia eta gaztak. «Komuneko papera ez dakigu nondik atzeman, zeren hemen ez baita ekoizlerik». Izan ere, supermerkatu kooperatiboan ez dituzte bakarrik elikagaiak saldu nahi. «Ez da praktikoa Otsokopen erosketak egin ondoren beste batera joan behar izatea behar duzuna erostera. Emeki-emeki, dena behar dugu izan».

Supermerkatu kooperatiboen nazioarteko erreferentzietako bat New Yorkeko Brooklyn auzoko Park Slope Food Coop da. 1973. urtean hasi zen lanean. 17.000 bazkide ditu. Horietako bakoitzari hilean bi ordu eta 45 minutuz lana egiteko eskatzen diote. Derrigorrezkoa da, eta bazkideek lanaren %75 egiten dute. Langile gutxi eta dirua irabazteko asmorik ez dituenez, supermerkatuak merke eskaintzen ditu produktuak: haien datuen arabera, bazkideek %20-40 aurrezten dute asteroko erosketetan.

Frantzian, orain hasi dira egitasmoak gauzatzen. La Louve da horietako bat, eta laster zabalduko dute Parisen. Oraindik ez dute egun ofizialik, Audrey Dauman bazkideak azaldu duenez. 4.800 inguru bazkide dauzkate. «Probatan ari gara, baina dena espero bezala doa», esan du. Salgaiak biltzen eta langileak trebatzen ari dira egunotan. New Yorkeko ereduari jarraitzen diote: «Bazkideek ere dendan lana egitea ez da garrantzitsua, ezinbestekoa baizik; hori da ideiaren funtsa».

Iruñea, Oiartzun, Baiona, Bilbo… New York, Paris. Mundu mailako mugimendua da, eta abiada hartzen ari da. «Orain, sare moduan zabaldu nahi ditugu halako egitasmoak», esan du Daumanek. «Eta guk lagundu egingo diegu, Brooklyngoek guri lagundu diguten bezala».

Fruta kutxak atontzen dabil Aranburu Oiartzunen. Sagarrak, mandarinak, laranjak, kiwiak… Fruta eta barazki guztiak ekologikoak dira. Zenbatean dago kiwia? 2,68 kiloa. Sagarra? 2,17 kiloa. «Ez dago alde handirik azoka bateko prezioekin, guk gutxi kargatzen dugulako».

[…]

http://www.berria.eus/paperekoa/1829/038/001/2017-04-07/kontsumitzaileen_matxinada.htm

 

Compartir / Partekatu

También te podría gustar...