Makroetxaldeen Aurkako
Nafarroan lur emankor, ur erreserba eta klima anitz ditugu, askotariko elikagai-
sistema biologikoak, jasangarriak eta bertakoak edukitzeko toki ezin hobea da,
gainera datozkigun krisi klimatikoei, energetikoei eta elikagaien krisiei aurre
egin ahal izateko. Hala ere, egun planetaren muga biofisikoen eta gure
ekosistema propioaren kontrako norabidean goaz axolagabean. Populazio
aktiboaren %3ak bakarrik lantzen ditu lurrak eta sektorea oso zaharkituta dago
eta errelebo gutxi du. Gaur egun arte onetsi den eredu bakarra lurra erretzen
duen, ura pozoitzen duen eta produktuak milaka kilometrotan barna zorabiatzen
dituen agronegozioa da. Eredu honekin, nekazariek hautatu ez dituzten elikagai
tona andana bat produzitu behar ditu, kontuak atera ahal izateko, ondoren,
prezio barregarrietan saldu ostean, eredu honek osasungarriak ez diren janari
prozesatuak itzultzen dizkigularik, zalantzazko jatorria izanik.
Historikoki, nekazal guneetako nekazaritza eta abeltzantza sistema
dibertsifikatuek elikagai aukera handi batez hornitu izan gaitu. Egun, Nafarroako
lurren %75a ganaduarentzako alea eta bazka produzitzeko monokultiboak dira.
Beronen komertzializazioa, gehien bat, AN operadorearen bitartez mundu
mailako merkatu librean egiten da, zeinetan nekazari nafarrek ez dituzten
prezioak ezartzen. Lurren %25a bakarrik dago giza-elikadurara bideratuta.
Baina, harrigarriki, produkzio honen helmuga ez da bertako elikadura beharrak
asetzea. Erriberako lur emankorrenetan produzitzen diren barazkien %99a,
adibidez, Europa iparraldean komertzializatzen da. Abeltzaintzari dagokionez,
biztanle baino txerri gehiago ditugu gurean, eta hauen haragia esportaziora
bideratzen da batez ere. Bitartean, produkzio jasangarrienetan, ardiak
esaterako, abelburuen kopurua erdira murriztu da azken hogei urteetan.
Produkzio industrial eta intentsibo hau erregai fosilen menpe dago oso, baita
ongarri kimiko eta pestiziden menpe ere. Datuen arabera, azken hauen
kontsumoa 2009 eta 2019 artean bikoiztu zen gure erkidegoan, Europatik
2030rako murriztu behar ditugula esaten ari zaizkigun bitartean.
Alesbesek orain dela gutxi Nafarroa guztian eragina duen semaforo gorria
erakutsi izan digu. Nafarroan nitratoz kutsatutako urek nekazaritza eta
abeltzantza eredu intentsiboari buruz eta legedi berri bat ezartzeko beharrari
buruz hausnartzera behartzen gaituzte, izan ere, hau guztia ingurumenerako
eta osasunerako arazo larria da. Nafarroako zonalde zenbait “Nitratoz
Kutsatutako Zonalde Kaltebera” bezala aitortu dituzte, eta hauen gainazalak
hazten jarraitzen du, zehazki 2016 – 2019 urte artean %76a eta 2012 – 2015
urte artean %317a hazkundea izan dute, Europako txosten batek berriki
aditzera eman duenez. Arriskuak areagotzen diren arren, etxalde eta industria-
hondakin organikoen biometanizazio zentro berrietarako baimenak ematen
jarraitzen dute (Biomendi, HNT Biogás eta Kabanillasen tramitean dagoen
beste bat).
Honen aurrean, merkatuak eta prezioak erregulatzea eta elikagaien sistema
erabat berrantolatzea nahitaezkoa da, gure elikatzeko modua hemen ditugun
baliabideetara egokituz. Beharrezkoa da gure produkzio sektorea planifikatzea,
elikadura burujabetzan ikusmira jarriz, gure biztanleriaren elikadura beharretara
asetzeko helburuarekin. Ezinbestekoa da eredu jasangarriago bateranzko
trantsizioa diseinatzea, agroekologia, dibertsifikazioa eta desintentsifikazioa
jorratuz, lurrarekiko atxikimendua duen abeltzantza eredu estentsiboa landuz.
Errotiko aldaketa honek egiazko politika publikoak behar ditu, ingurunea
zaintzen duten eta Nafarroa osorako elikagai osasungarriak produzitzen
dituzten sistemak sortzeko. Eskatu behar dugu instituzioek ez aritzea
agroindustriaren botere ekonomikoaren menpe. Horregatik, herritarroi
antolatzeko ordua iritsi zaigu eta ez ditugu bakarrik produkzio eta kontsumo
sistema alternatiboak sortzen jarraituko, baizik eta kalera ere aterako gara
modu irmo, sendo eta erantzunkide batean aldarrikatzeko: Stop
agroabeltzaintza industriala, elikadura burujabetza orain!
Arrazoi horiengatik guztiengatik, Makroetxaldeen aurkako Nafarroako
Plataformak, beste gizarte talde batzuen babesarekin, Foruen Monumentutik
(Sarasate pasealekua, Iruñea) abiatuko den manifestazioa deitu nahi dugu
datorren larunbatean, azaroak 26, eguerdiko 12:00etan. Mobilizazioaren
leloa “STOP agro-ganadería industrial. Elikadura burujabetza orain” izango da.
Elikadura burujabetza orain. Gizarte mugimenduek azaroan zehar antolatu
duten Klimaren aldeko Gailur Alternatiboaren barruan antolatutako beste
ekitaldi bat da.
Makroetxaldeen aurkako Nafarroako Plataformak