Aitor Azkarete elkarrizketa
“Gure eredua, ekoizpen ekologikotik haratago doan eredu bat da, etxalde txiki eta hurbilekoak babesten dituena”
Ekoizpen sistema agroekologikoarekin bat egiten duten baserriak eta produktuak identifikatzeko tresna bat da. Sistema parte-hartzailea eta inklusiboa da. Balio zehatzetan oinarritzen da: ekologikoa, hurbilekoa, pertsonen neurriko baserriak eta ekonomia sozial eraldatzailea.
Balio hauekin, EHKOlektiboko kideek irizpideak definitzen dituzte eta horrela galdetegia sortzen da. Galdetegi hau erabiltzen da etxaldeak bisitatu eta ea agroekologiaren bidean dauden aztertzeko.

Ekainaren 19an Usurbilen, Udako Euskal Unibertsitatearekin batera gai honetaz sakondu zenuten. Zer nabarmenduko zenuke?
Elikagaiak eta etxaldeak ziurtatzeko modu ezberdinak ezagutu genituen. Bost gonbidaturekin egin genuen mahai ingurua:
- Nature & Progrés-etik Prisca etorri zen. BSP tresna erabiltzen dute eta mundu-mailan elkarte frantziarra erreferente bat da, aitzindarietako bat. Zertifikazio eta kontrola haiek egiten dute, barne-araudi eta konpromisoekin.
- ENEEKeko lehendakari den Judit Garcia ere bertan izan genuen. EHKOlektiboaren oinarrietako bat ekologikoa izatea da eta oinarri hori betetzen dela ziurtatzeko, ENEEK bezalako zertifikazio ofizialetan oinarritzen gara.
- Iparraldean, Euskal Herriko Etxe Ekoizleen Elkarteak duela hiru hamarkada Idoki marka sortu zuen. Etxean ekoiztutako produktuen kalitatea bermatzen du. Bertako kide den Elorri Aizager artzaina izango genuen gurekin jardunaldi honetan.
- Mirene Begiristain EHUko ikertzailea eta irakaslea ere izan genuen gurekin. Berme Sistema Parte-hartzaile ezberdinen ikerketak egin izan ditu.
- Eta mahai-ingurua borobiltzeko, ni neu, EHKOlektiboko Juntan nago eta abeltzaina naiz.
Euskal Herriko zazpi herrialdetako pertsona hauen jakinduriaz gozatzeko aukera izan genuen jardunaldian, Asunek Behatokiko Goiuri Alberdi dinamizatzaileak gidaturik.
Zer abantaila ditu ekoizpen-eredu agroekologikoak?
Ekoizpen-eredu agroekologikoak hainbat abantaila ditu, bai ingurumenarentzat, bai landa-komunitateentzat eta baita kontsumitzaileentzat ere.
Gaur egun produktu bioindustrial pila bat ditugu, baina batzuk ekoizpen ekologikoa izatea bakarrik dute helburu. Gure eredua, ekoizpen ekologikotik haratago doan eredu bat da, etxalde txiki eta hurbilekoak babesten dituena.
Zeintzuk dira EHKOlektiboaren erronka nagusiak?
Kontsumitzailea agroekologiaren inguruan sentsibilizatzea ikusten dut erronka. Bizitzeko, lanerako eta produktuak ekoizteko modu honek, ekosisteman, produktuetan, beraz guztion osasunean duen eragin positiboaz gizartea sentsibilizatzea.
Zerbait nabarmentzeko?
Aurtengo urrian Etxalde Bisita Kanpaina martxan jarriko da. Parte-hartzailea denez, nahi duzuen guztiek izango duzue gure kide diren etxaldeak bisitatu eta ezagutzeko aukera.